Espezializazio adimentsurantz

logo-osakidetza logo-gb

RIS3 Euskadi

RIS3 Osasun pertsonalizatua

2030erako Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana (ZTBP 2030) Euskadik ikerketaren eta berrikuntzaren alde egindako apustu estrategikoa da. Hala, ZTBP 2030ean RIS3 Euskadi espezializazio adimentsurako estrategia berria artikulatzen da. Eusko Jaurlaritzak gidatutako estrategia partekatua da, eta erakunde publikoek, enpresek, unibertsitateek, ikerketa-zentroek, zentro teknologikoek eta eragile sozioekonomikoek parte hartzen dute bertan. Estrategiaren azken helburua Euskadiren garapen sozioekonomikoari laguntzea eta herritarren bizi-kalitatea hobetzea da.

Plan berri horren esparruan, Euskadik hiru lehentasun estrategikoak birdefinitu ditu: industria adimenduna, energia garbiagoak eta osasun pertsonalizatua, baita lau aukera-lurraldeak ere: elikadura osasuntsua, ekoberrikuntza, hiri jasangarriak eta Euskadi sortzailea. Gainera, ‘Zeharkako Ekimen Traktoreak’ kontzeptua ezarri da berritasun gisa, RIS3 arloen arteko lankidetza sustatuko duena esparru estrategiko zehatzetan, hasiera batean zahartze osasuntsu, mugikortasun elektriko eta ekonomia zirkularra bezala definitu direnak. Arlo horietan, Euskadik gaitasun zientifiko-teknologiko eta enpresarial nabarmenak ditu, bai eta Planaren helburuak betetzeko hazteko aukera handia ere.

 

Iturria: Lehendakaritza, Eusko Jaurlaritza

 

Osasun pertsonalizatua, RIS3 lehentasun gisa, Euskadik osasunaren arloko ikerketaren eta berrikuntzaren alde egiten duen apustu estrategikoa da, gure osasun-laguntza hobetzeko, ezagutza sortzeko eta euskal ekonomiak bere lehiakortasuna hobetzeko eta hazkunde jasangarriko bidean aurrera egiteko.

Lehentasun horren buru Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila da, eta, 2021eko uztailean, Miren Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, pilotaje-talde berria eratu zuenean, RIS3ren etapa berria hasi zuen Osasunean.

Aurreikusitako helburuak lortzeko funtsezko oinarria izango da osasun-ikerketako sistemaren eta euskal enpresa-, zientzia-, teknologia-, erakunde- eta gizarte-sarearen arteko lankidetza, Euskadirentzat interes handia duten zientzia-arloetan. Alde horretatik, lau gai-arlo nagusi identifikatu dira: medikuntza pertsonalizatua eta terapia aurreratuak, gailu eta teknologia medikoak, osasun digitala eta big data eta neurozientziak eta osasun mentala. Arlo horiek Osakidetzak, Mondragon Unibertsitateak, Tecnaliak eta UPV/EHUk koordinatzen dituzte, hurrenez hurren, eta BIOEFen laguntza dute, RIS3 Osasun pertsonalizatuaren idazkaritza teknikoa den aldetik.

 

imagen

 

Gaikako arlo bakoitzaren barruan, Euskadirentzat interes handia duten diziplina arteko gaikako lan-taldeetan antolatzen da lana. Lan-egitura horren bidez, epe labur, ertain eta luzerako proiektu edo ekintza estrategikoak identifikatu eta bultzatu nahi dira, emaitza nabariak lortzen laguntzeko, ez bakarrik euskal osasun-ekosistemari mesede egingo diotenak, baita ekoizpen-sareari eta euskal gizarte osoari ere. Gai-arlo bakoitzeko lantaldeak aldatuz joan daitezke, I+G+Bko joera berriei eta antzematen diren aukerei erantzuteko. Aurreikusitako lehen lantaldeak, horietako batzuk dagoeneko abian jarri direnak, honako hauek dira:

  1. Medikuntza pertsonalizatua eta terapia aurreratuak (Koordinatzailea: Nekane Murga, Osakidetzako Doitasun medikuntza pertsonalizatuko eta terapia aurreratuetako koordinatzailea)
    • Medikuntza genomikoa: biomarkagailuak
    • Terapia aurreratuak: Minbiziaren aurkako immunoterapia – CAR-T botikak, terapia zelularra eta terapia genikoa
  2. Gailu eta teknologia medikoak (Koordinatzailea: Unai Ayala, Mondragon Unibertsitateko irakasle ikertzailea)
    • Gailu elektromedikoak
    • Teknologia robotikoak eta automatizazioa
    • Bioprinting/3Dko teknologia aurreratuak
  3. Osasun digitala eta big data (Koordinatzailea: Joseba Laka, Tecnaliako IKT dibisioko zuzendaria)
    • I+G+Brako laguntza-datuak biltzea eta biltegiratzea
    • Datuen partekatze segurua eta zibersegurtasuna
    • Datu medikoen prozesamendu adimenduna / Adimen artifiziala
    • Bistaratzea eta pazientearekin komunikatzea
  4. Neurozientziak eta osasun mentala (Koordinatzailea: Javier Meana, UPV/EHUko katedraduna eta Biocruces Bizkaia OIIko ikertzailea)
    • Gaixotasun neurodegeneratiboak
    • Prebentzioa eta esku-hartze goiztiarra
    • Haur eta gazteen garapen osasuntsua

Informazio gehiagorako: ris3salud@bioef.eus

Esteka interesgarriak:

 

top
<Itxi