SAFE-N-MedTech proiektuak partzuergoaren seigarren bilera burutu du Bilbon
13/12/21
27 bazkide bildu dira Bilbon proiektuaren aurrerapenak partekatzeko
Azaroaren 23 eta 24ean, Safe-N-MedTech proiektuaren pandemia ondoko lehen aurrez-aurreko bilera egin zen Bilbon, proiektuaren azken aurrerapenei buruz eztabaidatzeko. BIOEFek eta BioKeraltyk antolatutako ekitaldi hibridoa Azkuna Zentroan (Bilbo) gauzatu zen, eta Europako hogeita lau erakunderen, Kolonbiako baten, eta Txinako bi erakunderen, ordezkariak bildu ziren.
Europako Batzordeak H2020 esparru-programaren barruan finantzatutako SAFE-N-MedTech ekimenaren helburua berrikuntza-plataforma ireki bat eraikitzea da (Open Innovation Test-bed, OITB), nanoteknologian oinarritutako teknologia sanitario berriak merkatura zuzentzeko. Asmoa honako hau da, enpresa berritzaileei zerbitzua ematea, balio-kate osoa kontuan hartuz, laborategi eskalako kontzeptu-probatik hasita, EB (Europar Batzordeko) marka (CE) lortu aurreko faseetaraino, saiakuntza klinikoak barne. Plataforma horrek diziplina anitzeko berrikuntza-ikuspegia eskainiko du, ETEentzat, arreta medikoko hornitzaileentzat eta industrientzat, eta dispositibo mediko berri horiek merkatura transferitzea bizkortuko du.
Topaketan, proiektuaren ikuspegi orokorra eman zen, eta, eztabaida aktibo baten ondoren, epe labur eta luzerako etorkizuneko ekintzak planteatu ziren. Gainera, Covid-19 pandemiak hainbat jardueratan duen eragina aztertu zen, eta proiektua behar bezala gauzatzeko hartu beharreko neurriak adostu ziren. Partzuergoaren hurrengo bilera Bragan (Portugal) egingo da, 2022ko lehen seihilekoan.
Datozen hilabeteetan, nanoteknologian oinarritutako osasun-produktuak garatzeko deialdia egingo da SAFE-N-MedTech proiektuaren barruan. OITBk nanoteknologian oinarritutako medikuntza- eta diagnostiko-dispositiboak merkatuan garatu, probatu, ebaluatu eta ustiatzeko behar diren gaitasunak, ezagutzak, aholkularitza espezializatuak, sareak eta zerbitzuak eskainiko dizkie erreferentziazko enpresa eta laborategiei.